XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. ERROMATARREN KOLONIZAKETA.

a) Lehen gudu eta konkistak.

Euskal Herria K.a. II. mende eta ondoko lehenbizikoetan, erromatar inperioaren orbitaren inguru ibili zen.

Erroma, etruskoen eta grekoen aurkako burrukak bitarteko, eta italiar penintsula menperatu ondoan, Meditarraneoko herrialdeak konkistatzera abiatu zen baina kartagoarrekin topo egin zuen, eta jakina, hauek izaki Mediterraneo mendebaldearen jabe.

Dena den, heldu ziren erromatarrak iberiar penintsulara (K.a. 218 an) eta defentsa arrazoiak zirela medio, Anibalen harmadak hemen zeukan, bera hornitzeko, oinarri nagusia xahutzera jo zuten.

Horrela izan zen hastapena.

Egiaz, geroago pentsatu zuen Erromak Iberia konkistatzea.

Dirudienez, gainera, meategietako aberastasun goseak eraginik, eta harmadarako gizonak biltzearren, edo-eta harmada koxkorrak hemen berean antolatzeko asmoz gertatu zen hori.

Ekialde eta hegoaldetik sartzen dira, Ebro hibaiaren sakanaz baliaturik heldu ziren erromatar legioak, eta hala, Baskonia hegoaldean ageri zaizkigu K.a. II mendearen hastapenetan, Grakurri hiria eraikitzen dutelarik.

Pirene mendikatearen bestaldetik urratzen dute Euskal Herrirat beste sarbidea, eta horregatik Akitania aldera heltzen.

b) Baskoinen harrera berezia.

Iduri du ez zutela erromatarren erasoari buruz euskal tribuek jokabide bera hartu.

Baskoinak, adiskidantzaz eta gerlarik gabe abiatu ziren haiekin harremanetan.

Jokabide hau konprenitzeko, on da ohartzea, erromatarrak Ebro garaiara heldu zirenean, zeltibero jendea zutela guduka inguruan baskoinek, eta kantabroak, berriz, autrigoinek.

Egoera horretan, bada, askatzaile bezala presentatu ziren erromatarrak baskoinentzat, bederen hegoaldeko mugetan.

Baina egia da ere autrigoinak, karistiarrak eta beroinak Erromaren kontra jezarri zirela.